viernes, 11 de mayo de 2012

Valoración de los anteproyectos Bizkaibus por parte de Bildu




http://www.gara.net/paperezkoa/20120512/340334/es/La-reordenacion-Bizkaibus-destapa-descoordinacion


Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibusen egungo “mapa” aldatu egingo duela iragarri du. Ondorioz, momento egokia da hau, autobus zerbitzu horrek Bizkaian bete behar dituen funtzioen gainean hausnartzeko.

Bizkaibusek eskainitako zerbitzuei esker, Bizkaian mugikortasuna hobetu egin da, eta garraioen arteko intermodalitatean aurrera egin da. Dena den, Bizkaibusek asmo onak eta hobekuntzak ekarri baditu ere, asko dago oraindik hobetzeko.

Gaur da eguna, oraindik ere Bizkaibusetan Barik txartela erabili ezin dena. Bizkaiko Foru Aldundiak ezarritako prezio politikek ez dituzte ikasleentzako bonoak edo txartel konbinatuak ahalbidetu; Bilboko Metroak egin duen moduan, adibidez.

Barik edo txartel bakarretik harantzago, garraio ezberdinen arteko lotura oraindik ere ez da eratu, eta horrek gehiago zailtzen ditu gure herrialdeko eskualde batzuek dituzten mugikortasun arazoak. Izan ere, badira garraiobide bat baino gehiago erabili behar dituzten bizkaitarrak.

Bizkaiko Foru Aldundiaren sloganak zioen Bizkaibus iritsiko dela metroa eta trena heltzen ez diren lekuetara, baina hori ez da errealitatea. Galdetu bestela Santurtzi, El Regato eta Repelegako bizilagunei, edo Santa Marinako ospitalera joan behar duten herritarrei.

Joan zen ostiralean aurkeztu zituen Bizkaiko Foru Aldundiak garraioan egingo dituen aldaketen aurreproiektuak, baina horren aurretik ere, Bilduk udalerriekin lan egin du mugikortasunean dituzten beharrizanak zeintzuk diren aztertzeko. Banan-banan ikusi ditugu herrien barruko zein eskualdeko garraiorako beharrak, eta gehienek esan digutena da, linea batzuetan zerbitzu gehiago jartzeko beharra badagoen arren, bizikletaz ibiltzeko benetako alternatibak falta direla herri eta hiri barruetan.

Bizkaiko Foru Aldundiaren aurreproiektuetan batzen diren aldaketa batzuk Bilduk eskatu izan duenaren zati bat betetzen dute: gaueko zerbitzuak, zerbitzu zuzenak, ordutegien egokitzapenak…

Baina, aldi berean, gabeziak ikusi ditugu eta hainbat zerbitzu kendu egingo dituzte gainera. Horien artean El Regato, Santurtzi, Sopela eta Mungia batzen dituena, Bilbo A3216 eta A3521, Bilbotik Artxandara joan etorria egiten duena, Bilbotik Santa Marina ospitalera doana eta Sarrikue edo Arabella ahaztutako auzoetara doan hiri barruko linea. Guzti hauek ez ditu beteko Bizkaiko foru Aldundiak, eta Bilbobusek hartu beharko ditu beregain.

Hau dela eta, Bilboko Udalari eskatzen diogu linea hauek mantendu eta, ahal bada, hobetu ditzala eta Miribilla, Santutxu zein Artatzu Goikoatik egin dituzten mugikortasun eskariak hobetzeko.
Hiri barruko mugikortasunak ez du zentrorako lotura bakarrik bermatu behar, beste auzoekiko loturak ere erraztu behar ditu. Are gehiago, kontutan hartzen baditugu aipatutako auzoen dentsitatea eta zerbitzuen eskaintza handia.

Honegatik guztiagatik Bildu Bizkaiak eta Bildu Bilbok eskatzen dugu aurreproiektuak eskualde bakoitzeko mugikortasun beharretara egokitzeko. Barne mugikortasunari erantzun diezaien, eta garraioen arteko intermodalitatea egituratzeko.

Kaltetutako eskualde guztiak hartuta, Bizkaibus zerbitzua hobetzen lagunduko duten alegazioak eta aldarrikapenak egingo ditugu, eta beste garraiobideekin izan behar duten lotura ere aztertuko dugu.

Bide horretan, kritikoak izango gara Bizkaibus, Bilbobus, Metro Bilbao, Renfe, Feve eta EuskoTrenen arteko koordinazio faltarekin. Bizkaiko garraiobideen arteko koordinazioa beharrezkoa da, eta hori gzutia arautuko eta koordinatuko duen garraio zuzendaritza behar dugu azpiegiturak eta zerbitzuak herritar guztien beharrak asetzeko.

Mugikortasuna eskubidea da, eta egoera ekonomiko honetan instituzioek zaindu eta bultzatu behar dute. Beraien lana delako herritarrek garraio iraunkorragoa izatea eta energiarekiko menpekotasuna gutxitzea. Azken ezaugarri hori erabakigarria da etorkizunean izan dezakegun hazkunderako zein zorpetzerako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario